Masa-mugimendu internazionalista eraiki behar da!
Gazan egindako genozidio sionistak Mundu osoko arreta politikoa erakartzen jarraitzen du. 70.000 pertsona baino gehiago[1] eta dozenaka mila gehiago hil dituen sarraskia, hotzagatik, goseagatik edo botika faltagatik, gehienak haurrak eta emakumeak, ehunka mila zauritu utzi ditu eta 1,9 milioi palestinar desplazatu ditu nahitaez. Indarkeria horrek etxeak hondakin bihurtu ditu eta herritarren oinarrizko beharrak zapuztu ditu Israelgo armadak jaurtitako ehun mila tona bonba baino gehiagorekin, Bigarren Mundu Gerran naziek Londresen egindako bonbardaketak baino lau aldiz gehiago.
Israel Handiaren proiektua aurrera doa mendebaldeko inperialismoaren laguntzarekin
Suntsiketa hori nahikoa ez balitz, Netanyahuk eta eskuin muturreko bere jarraitzaileek, Donald Trumpen Gobernuaren babes sutsuarekin, garbiketa etnikoa eta gazatarrak beren lurraldetik kanporatzeko plana azken ondorioetaraino eraman nahi dute. Gazaren okupazio militar iraunkorra, Zisjordaniako palestinarren ehunka etxe eraistea eta armada eta kolono talde armatuak egiten ari diren sarraskiak, horniduren blokeo osoaren bidez ezarritako gosetea, holokausto hau guztia, munduaren begien aurrean garatzen da, potentzia kapitalista bakar batek ere atzamarrik mugitu gabe.
Maiatzaren 5ean, Israelgo Gobernu hiltzaileak, Benjamin Netanyahuren ahotik, sarraski-estrategia burutzeko erabakian aurrera egin zuen, guztiok ulertzen ditugun hitz hauekin: “Azken urratsak emateko garaia da”. Horrela, Gaza behin betiko konkistatzeko, haren okupazioa formalizatzeko, gobernu militar bat ezartzeko, herritarrak “birkokatzeko” eta kontzentrazio-esparruetara lekualdatzeko “azken irtenbidea” iragarri zuen, Trumpen plana aplikatuz bi milioi palestinar beren lurretatik kanporatzeko. Israelgo Defentsa Indarrek, IDIk, dozenaka mila erreserbista deitu dituzte horretarako.

Gazako suntsipen kriminalari gehitu behar zaio Netanyahuk eta eskuin muturreko bere lekaioek, Donald Trumpen babes sutsuarekin, garbiketa etnikorako eta gazatarrak beren lurraldeetatik kanporatzeko plana burutu nahi dutela.
Hain zigorgabe sentitzen dira, ezen ez dira ezkutatu ere egiten. Lehen aldia da Netanyahuk publikoki esaten duela bere lehentasuna Gaza anexionatzea dela. Bezalel Smotrich Israelgo Finantza ministroak adierazi duenez, Gaza erabat suntsituko dute eta populazioa beste herrialde batzuetara joango da masiboki. Itamar Ben Gvir Segurtasun Nazionalekoak publikoki defendatu du hornidura elektriko guztiarekin amaitzea eta giza bizitzarako ezinbestekoak diren elikagaiak eta produktuak eman nahi dituztenak bonbardatzea.
Palestinarren holokaustoa gero eta modu lazgarriagoan eta harrigarriago batean gauzatzen da. Nazioarteko eskuin muturrak, Donald Trump bere führerra buru duela, harrotuta, Netanyahuk inolako errukirik gabe egin du aurrera. XXI. mendeko sarraskirik larriena potentzia “demokratikoetako” gobernuen baimenarekin eta mendebaldeko sozialdemokraziaren isiltasun konplizearekin gertatzen da.
Trumpen egitasmoa: garbiketa etnikoa Ekialde Hurbila kontrolatzeko
Gaza suntsitzearekin batera, Netanyahuk probokazio ugari egin ditu Israel Handi teokratiko eta totalitarioaren proiektu desiratua, Libanoko hegoaldearen inbasioa eta Iranen aurkako eraso militarrak inposatzeko. Badakite ezinbesteko indarra direla Washingtonen egitasmoetan, Txinaren eta Errusiaren aurrean mundu-nagusitasuna mantentzeko borrokan. Eta Sirian eman duten kolpeak erakusten du Israelen eta Ipar Amerikaren erabakitasuna funtsezko eremu baten kontrola ez kentzen ez uzteko.
Trump Etxe Zurira itzultzea beste urrats bat izan da inperialismo estatubatuarraren estrategian, Israel baldintzarik gabe babesteko, Ekialde Hurbilean duen aliatu nagusia baita boterea berreskuratzeko eta indartzeko borrokan. AEBko hegazkinek Yemengo milizia hutien aurka behin eta berriz egindako bonbardaketek eta Trumpek erresistentzia palestinarra militarki zapaltzeko egindako etengabeko mehatxuek, Netanyahuk herritarrak sarraskitzen eta Gazatik geratzen den apurra bonba andanaz suntsitzen jarraitzen duen unean, argi eta garbi uzten dute erregimen sionistaren ankerkeriak jarraitzaile fanatiko bat duela AEBko presidentearengan.
Trump azken ondorioetara eramaten ari da Bidenek eta Demokratek sionistei emandako babes militar, finantzario eta diplomatikoa. Zabaldu dituen politika ekonomikoek, muga-zergetatik hasita, Txinaren garapena Munduko potentzia hegemoniko gisa aurrez aurre jartzeko eta geldiarazteko helburuan emaitza egokirik lortzen ari ez diren testuinguruan, Etxe Zuriak, Ukrainako gerran izandako porrot ikaragarriak ere oso kolpatua, erabaki du unea zela Netanyahuk su-etena hausteko eta herri palestinarrarentzat “azken irtenbidea” ezartzen saiatzeko.
Netanyahuk bi eskuekin hartu du Trumpek otsailean aurkeztutako plana, garbiketa etnikoa osatzea, palestinarrak deportatzea eta Gaza luxuzko resort bihurtzea argi eta garbi defendatu zuenean. Israelek AEBetako sionismoaren eta inperialismoaren neurrira egindako su-etena alde bakarrez hautsi ondoren, Netanyahuk debekatu egin zuen edozein laguntza humanitarioren sarrera, lehen gutxi bazen ere.

Bi hilabeteko blokeoa ezarri zaie su eta gar, eta, besteak beste, Askatasunaren itsasontzi taldeari droneekin egindako bonbardaketa zitala gertatu da, eta, Gurutze Gorriaren Nazioarteko Batzordearen arabera, “erabateko kolapsoaren zorian” jarri du Gaza. Herritarren % 91k “elikadura-segurtasunik eza” du, hau da, gosetea milaka eta milaka pertsonaren bizitza ebakitzen ari da. Elikadurarik gabeko palestinar haurren aurpegiak ente sionistaren gizatasunik eza erakusten du.
Netanyahu Gazako Zerrenda osorik okupatzeko prestatzen ari da, eta dagoeneko % 30 anexionatu du. NBEren arabera, gaur egun populazio palestinarra lurraldearen heren batetik baino ezin da mugitu. Hegazkin sionistek etengabe bonbardatzen dituzte errefuxiatu-eremuak, eta Netanyahuk eta haren lekaioek Zisjordaniaren aurkako eraso kolonialista sakontzen dute.
Hegoaldean, maiatzaren 5ean, Israelgo Gobernuak Khallet al-Daba herriaren zatirik handiena eraitsi zuen, Masafer Yatta inguruan. Eskualdean egindako eraispenik handiena da. Hilabete batzuk lehenago, kolonoek bortizki eraso zioten herriari, eta hainbat etxe erre zituzten. Kolono sionisten asentamenduak eta milaka palestinarren kanporatzea biderkatu egiten dira. Barruan, Netanyahuk nazien beldurrezko erregimen bat ezarri du disidentziaren aurka, Estatuaren aparatu gero eta faxistagoan eta gero eta armatuago dauden milaka jarraitzaile ultraeskuindarrengan oinarrituta.
Sionistek ez zuten inoiz ikusi Israel Handiaren ametsa hain gertu.

Palestinar herriaren aurkako sarraski honek eta sionismoak duen zigorgabetasunak mundu arabiarreko Gobernu kapitalistak ere seinalatzen ditu, Washington eta Bruselarekiko erregimen ustel eta morroi horiek, beren herriak gosetzen dituztenak eta beren herrialdeetan genozidioaren aurka izan diren mobilizazio masiboak mespretxatzen dituztenak. Eta, ezkerreko sektore bati gustatu ez arren, Palestinako genozidioak zuzenean Putin eta Xi Jinping interpelatzen ditu, beti prest herri palestinarraren aldeko adierazpenak egiteko eta ebazpenak aurkezteko, baina jardueran Israelekin harreman komertzial eta diplomatikoak makina bat aldiz mantentzen dituztenak.
Txina Israelen bigarren bazkide komertziala da, eta, Errusiak bezala, ez dute hatzik mugitu sarraski hori saihesteko, eta, gainera, Israelekin eta Ekialde Hurbileko gainerako herrialde kapitalistekin dituzten lotura ekonomikoak indartu dituzte. Inolako boikotik Israelgo produktuei, inolako harreman diplomatikoen hausturarik, inolako deirik arabiar populazioei beren gobernuen aurka altxatzeko eta sionismoaren aurkako borroka iraultzailea bultzatzeko. Ez horixe. Moskuk eta Beijingek realpolitik aukeratzen dute, eta, horrela, sionismorako bidea eta planak urratzen dituzte. Zer garrantzi du herri palestinarrak Errusiako eta Txinako monopolio handien interesen aurrean, eta Joko Inperialista Handiak Ekialde Ertaina menderatzeko?
PSOE-Sumar gobernuaren hipokrisia konplizea
Sarraski hori guztia Europar Batasunaren eta mendebaldeko gobernuen konplizitate kriminalarekin gauzatzen ari da. Eta ez bakarrik eskuin eta eskuin muturrekoak, atzo antisemitak eta gaur sionismoaren defendatzaile sutsuak, baita sozialdemokraziak zuzendutakoak ere, Estatu espainiarrean ikusten dugun bezala.
Pedro Sanchez keinu huts eta zinikoen maisua da, hala nola Palestinako Estatua aitortzea eta hilketa sionistaren aurkako txioak jartzea. Eskuin muturrak biziki haserretzen da horregatik. Baina funtsezko puntua da PSOEren eta Sumarren Gobernuak harreman ekonomiko, militar eta diplomatiko guztiak dituela Israelekin, eta legitimatu egin duela unibertsitateko kanpaldien aurkako errepresio poliziala eta judiziala, bai eta polizia-infiltrazioa ere Israelen aldeko elkarteetan.

Centre Delàs d 'Estudis per la Pau[2] erakundeak berriki egindako txosten batek jakinarazi duenez, genozidio sionista hasi zenetik, 2023ko urritik, Espainiako Gobernuak 46 kontratu esleitu dizkie Israelgo industria militarrei, mila milioi euro baino gegiago balioa dutela (horietako hamar formalizatzeko daude). Horrek erakusten du PSOE-Sumar Gobernua gezurretan ari dela Israelekin arma-merkataritza jarraitzen duela ukatzen duenean. Horri gehitu behar zaio Espainiako portuek, Rotako itsas basea buru zutela, Israelera munizioak eta bestelako hornidura militarrak bidaltzeko balio izan dutela, nahiz eta horrelakorik egiten ari ez zirela esan. Pedro Sánchezek galeriari begira egin berri duen iragarpenak, egiteke dauden hamar kontratu horietako bat deuseztatzeko, ez du aldatzen bere politikaren muin konplizea, eta Sumar erabat onartzen ari da.
Horri guztiari gehitu behar zaio 10.000 milioi eurotik gorako igoera aurrekontu militarrean, 40.000 milioitik gorakoa eta BPGaren % 2,5era iritsita. EBn zehar doan olatu belizista hori, sozialdemokrazia buru duena, mendebaldeko klase nagusiaren apustu sendoa da, inperialismoaren arteko borrokaren eta herri-mobilizazioen testuinguruan, bizi-baldintzen etengabeko pobretzearen eta degradazioaren aurrean. Eta Estatu sionista funtsezko pieza da plan horietan, eta horregatik mantentzen dituzte hain intentsitate handiz Tel Avivekiko lotura politiko, ekonomiko eta militarrak.
Esperientziak erakusten du berrarmatze belizistak ez duela zerikusirik demokraziaren defentsarekin, baizik eta barne etsaiaren aurkako borrokarekin, hau da, langile klasearen eta gazteriaren aurkako borrokarekin. Israel une jakin batean gauzak nola egin behar diren erakusten duen adibide bat da Europako klase nagusiarentzat. Ez da gehiegikeria. Buru-belarri ari dira prestatzen klase borroka basati baterako. Kapitalismoaren iraupena hau da: totalitarismoa, genozidioak, gerra eta basakeria inperialista.
Genozidioa geldiarazteko masen nazioarteko mugimendua altxatzea
Genozidio sionistaren ia bi urte hauetan argi geratu da zeintzuk diren herri palestinarraren aliatuak: zapalduak, gazteak eta mundu osoko kaleak milioika jendez bete dituen langile klasea.
Manifestazio jendetsuak eta protesta ekintza ugari herrialde arabiarretatik AEBetara, Europara eta beste kontinente batzuetara zabaldu dira, Palestinako herriarekiko elkartasun mugimendu handi bat altxatzeko eta Nentanyahu eta Trump aurrera eramaten ari diren holokaustoa geldiarazteko dagoen indarra eta jarrera erakutsiz.
Estatu espainiarrean ikasle mugimenduak, langile mugimenduko sektore borrokalarienek eta ehunka mila langilek ere borrokarako prest agertu gara. Baina CCOOko eta UGTko agintariak, Europako homologoak bezala, hain eroso daude beren bulegoetan, eta hain ondo bizi dira Estatuak ordaindutako soldata oparoekin, ezen Palestinaren aldeko greba orokorra deitzeari, eta Gobernuari Israelekin harreman ekonomiko eta diplomatikoak erabat hausteko exijiteari uko egiteaz gain, aurrekontu militaristen eta NATOren mende egotearen alde agertu baitira.

Argi dago zein den ekintzaile, sindikalista eta militante borrokalarien zeregina, gerra-, erreakzio- eta miseria-etorkizuna onartzera etsitzen ez dugun langile eta gazteena. Antolaketa, mobilizazioa eta masa ekintzak bultzatu behar ditugu inposatu diguten bake sozial hau hausteko.
Genozidio sionistaren amaiera, Israelekin harremanak berehala haustea eta armen enbargoa eskatzeko, NAKBAren urteurrenean egingo diren manifestazioetan aktiboki parte hartzeko deia egiten dugu, hala nola datorrenn larunbatean, maiatzaren 17an, 12:30etan Iruñeako manifestazioan parte har dezazun dei egten dugu.
Gelditu genozidio sionista. Palestinak irabaziko du. Ekialde Ertaineko Federazio Sozialistaren alde!
Eurorik ez eta bala bat bera ere ez gerra inperialistarentzat eta Netanyahuren erregimen nazisionistarentzat!
Ez aurrekontu militaristei. Irten NATOtik berehala!
Bakea nahi baduzu, borrokatu sozialismoaren alde!