Elkarretaratzea Andre Maria Zuriaren plazan, uztailaren 24an 18:00etan
Azken urteotan bezala, aurtengoan ere MSko kideek borrokan dihardute txosnetako inposaketen eta beto politikoen aurka, Euskal Herriko jai herrikoietan parte hartzeko duten eskubidea defendatuz. Jai hauek beti izan dira parte-hartze zabaleko espazioak, eta ezkerreko hainbat erakundek beren txosnak eta barrak jartzeko aukera izan dute. Are gehiago, kolektibo sozial eta erakunde txiki askorentzat, jaietan lortutako finantzaketa funtsezkoa da urte osoan jarduera politiko, sindikal eta asoziatiboari eusteko.
Hala ere, azken urteotan gero eta ohikoagoa bihurtu da toki askotan erakunde berriei parte hartzea ukatzea, beto politikoaren bidez. Horren adibide dira Gasteizko Andre Maria Zuriaren jaietan GKSren eta Etxebizitza Sindikatuaren txosna esparru ofizialetik kanpo uztea, edo Bilboko Aste Nagusian Luberri Konpartsa baztertzea. Baldintza tekniko eta logistiko guztiak betetzen dituzten arren, ez diete parte hartzen uzten. Argi dago: ez da arazo tekniko bat, baizik eta auzi politiko bat. Helburua argia da: erakunde hauek ekonomikoki eta politikoki itotzea, gazteon bizitza eta etxebizitza duinaren aldeko borrokan irmo aritzeagatik eta EH Bilduren ibilbide politikoarekiko jarrera komunista, antikapitalista eta kritikoa izateagatik.
Atzo arratsaldean, uztailak 23, Gasteizko MSko hainbat militantek elkarretaratzea eta kanpaldia antolatu zituzten Andre Maria Zuriaren plazan, beto politikoen aurkako protesta egiteko eta abuztuaren 4tik aurrera Letren Fakultatean jarriko duten txosna alternatiboan parte hartzera gonbidatzeko. Hasieratik, Ertzaintzaren eta Udaltzaingoaren presentzia masiboa eta jarrera oldarkorra izan ziren nagusi: dozenaka agente gazteei bultza eginez, plaza hesituz eta bertara hurbildu nahi zuten herritarren sarbidea oztopatuz.
Ordubeteko tentsioaren ostean, polizia gogor oldartu zen elkarretaratzean bildutakoen aurka, eta horrela bertan behera geratu zen ondoren egin behar zen kontzertua. Gainera, kalez jantzitako agenteak infiltratu zituzten, eta poliziak hamar gazte baino gehiago identifikatu eta horietako lau atxilotu zituen, agenteen aurkako atentatua eta desordena publikoak egotzita.
Horrela erantzuten dio Gasteizko Udalak, PSEren esku dagoen gobernuarekin, jai herrikoiak eraikitzen parte hartu nahi duten gazteen aldarrikapenei. Horren aurrean, GKS eta Etxebizitza Sindikatuko kideek uztailaren 24an, 18:00etan, elkarretaratze batera deitu dute Andre Maria Zuriaren plazan, poliziaren errepresioa salatzeko.
Ikasle Sindikatutik eta Ezker Iraultzailetik beto politikoen aurkako komunikatua babesten dugu eta mobilizazioan izango gara. Gazteria osoari dei egiten diogu parte har dezan bai elkarretaratzean, bai Letren Fakultateko txosna alternatiboan abuztuaren 4tik aurrera.
Errepresio polizialari ez! Protesta eskubidea bermatu!