Ezker Iraultzailea eta Ikasle Sindikatuaren eraikuntzan aurrerapauso handi bat!
Bilboko Rosa Luxemburg Gunearen inaugurazioa zirraragarria izan da. Aste luzez, Ezker Iraultzailea, Ikasle Sindikatua eta Emakume Aske eta Borrokalariak taldeetako kideok lokal hau eraberritu dugu lan eta ahalegin militantearekin. Eta kartelak itsatsi, milaka panfleto banatu eta pankartak zintzilikatu ondoren, azkenean iritsi zen inaugurazio eguna, non belaunaldi ezberdinetako kideek, sindikalismo borrokalariko beteranoek, ezker abertzaleko militante historikoek, aktibista feministek eta ikasle mugimenduko kideek lokala bete genuen.
Ezker Iraultzaileko militante beteranoenei ahotsa emanez hasi genuen ekitaldia. Klandestinitatean diktadurari aurre nola egin zioten kontatu ziguten, nola hasi ziren militatzen Burgosko prozesuak, 1976ko urtarrileko eta martxoaren 3ko grebek iratzarrita, haustura iraultzailearen, sozialismoaren eta Euskal Herriaren autodeterminazioaren aldeko borrokan.

LABen afiliatutako Ezker Iraultzaileko langileek ere parte hartu zuten, gure lantokietan eta sindikatuetan marxismoaren ideiak defendatuz antolatzeak, gure posizioak pazientziaz eraikiz, duen garrantziaz hitz eginez. Martxoaren 17ko greba orokorra egun historikoa izango dela ere aldarrikatu zuten, berriro ere mahai gainean jarriko dugulako langile klasea garela mundua funtzionarazten dugunak, ikusten dugun guztia ekoizten dugunak.

Ondoren Ikasle Sindikatuko ikasleek hartu zuten hitza gazteok antolatzeko dugun beharra azalduz. Erreakzioaren gorakadari aurre eginez, Gasteizen EHUn egindako kontzentrazio antifaxistan egin genuen bezala, Vox-en presentzia eta EHUren konplizitatea salatuz. Gazteria izan da, halaber, Palestinako herriari elkartasuna adierazteko mobilizazioen aitzindaria, Ikasle Sindikatuko kideok urriaren 2ko eta 15eko ikasle grebetan erakutsi genuen bezala. Gainera, Ertzaintzaren barruko faxistizazio prozesua eta EAJ eta PSEren itxurakeriazko antifaxismoa salatu zituzten. Arazoa ez da “polizia eredua”. Estatu kapitalistaren segurtasun indarrek beren funtzioa betetzen dute. Eta borroka antifaxista kontsekuenteak, hain zuzen ere, hauei aurre egin behar die.

Beste lurralde batzuetako gonbidatuen hitzak ere izan ziren. Marina Mata kideak ere hartu zuen hitza, Emakume Aske eta Borrokalariak taldeko estatu mailako bozeramaileak. Emakume langileok masibo bihurtu dugun borroka mugimendu antifaxistaren zutabe bat izan da zentzu askotan. M8 honetan kaleak amorruz bete genituen, ez bakarrik indarkeria matxistaren eta epailetza zein polizia faxisten aurka.Trump eta Netanyahuren gerra inperialistaren eta genozidio sionistaren aurka ere mobilizatzen gara. Eta Ezker Iraultzailetik fronte antifaxista bakarra eraiki behar dela defendatzen dugu, hauei aurre egiteko prest gauden erakunde sozial, sindikatu eta feminista guztion artean.
Juan Ignacio Ramos Izquierda Revolucionaria - Ezker Iraultzaileko Estatu mailako Idazkari Nagusiak eta Laura Luengo kideak, Ezker Iraultzaileko Bilboko buruak, ekitaldi zoragarri hau amaitzeko, gizartearen eraldaketa sozialistaren alde borrokatzeko erakunde bat eraikitzeko beharra azpimarratu zuten. Trump, Milei, Abascal, Ayuso, abisu serioa dira langile klasearentzat. Pauso bat aurrera emateko garaia da. Eta hori da Ezker Iraultzailearen proiektua: marxismo iraultzailearen eta sozialismoaren programa defendatuko duen borroka erakundea eraikitzea, langile eta gazte mugimenduan sektarismorik gabe esku hartuz.

Denok gonbidatzen zaituztegu Bilboko Rosa Luxemburg Gunea ezagutzera. Bertan ekitaldi politiko eta kulturalak, liburu aurkezpenak, topaketak, musika… izango ditugu. Baita pentsamendu marxistaren klasiko guztiekin eta borroka literaturarekin liburudenda zabala ere. Sozialismoa ala basakeria!









