Kolpe latza EAJ eta euskal patronalentzat
Greba orokorreko manifestazioen irudiak paregabeak dira. Lehen ordutik milaka egon gara piketeetan, ehunka mila eguerdiko manifestazio zentralizatuetan, eta hamarnaka milaka egon gara arratsaldeko 85 mobilizazioetan. Hau indar erakustaldia! Horrela borrokatzen da eskubideen alde, eta horrela altxatzen dugu harresi bat eskuin muturraren gorakadaren aurrean!
🔊 #M17 | Gaurkoa greba historikoa izan da Hego Euskal Herriko langileriarentzat, kaleetan zehar uholde bat zabaldu da 1500€ko gutxieneko soldata aldarrikatzeko. Gora langileon borroka!#M17GrebaOrokorra #HemenErabaki #SMIpropio #GrebaOrokorra pic.twitter.com/Ng4cXiea3E
— Ezker Iraultzailea (@EzkIraultzailea) March 17, 2026
Jarraipen masiboa
Lehen ordutik, piketeetan euskal gehiengo sindikalera afiliatutako milaka langilek parte hartu dute. Hiriburuek sarbideak moztuta zituzten, eskualdeak lotzen zituzten errepideek bezala. Pikete horietako batzuetan, EAJ eta PSEren Ertzaintzak gutako asko identifikatu eta jipoitu gaitu.
Hezkuntza sektorea, EAJ eta PSEren aurkako borroka gogorrak bultzatu dituena, Euskal Hezkuntza Lege berriaren aurkako borroka barne, masiboki atera da grebara. EAEn, haurreskoletan jarraipena %80tik gorakoa izan da, ikastoletakoa %80koa, sektore publikoko irakasleena %60koa, zerbitzuetako langileena %65etik gorakoa eta ikasle mugimenduak gelak hustu ditu. Unibertsitatean EHUk bertan behera utzi zuen jarduera oro eta Nafarroako Unibertsitate Publikoan eragin izugarria izan zuen.
Eusko Tren, Metro Bilbo, Gasteizko Tranbia edota Donostibus bezalako errepideko garraioan greba indar handiz nabaritu zen. Administrazio publikoan ehunka udal zeuden jarduerarik gabe. Aurreko deialdiekin alderatuta, grebak jarraipen handiagoa izan du Eusko Jaurlaritzan. Eta Nafarroan udal zerbitzuen jarduera oso geldituta egon da, batez ere iparraldean (Iruñea, Burlata, Altsasu…).
Gaueko txandan, Larrialdietan eta Lehen Mailako Arretan %100eko abusuzko gutxieneko zerbitzuek kolpatu dute osasungintzako jarraipena. Hala eta guztiz ere, ospitaleek jarraipen zabala izan dute, ia zerbitzu minimoak bakarrik funtzionatu zuten, Gasteizko Santiago eta Urdulizen edo Basurtun, esaterako, lau ebakuntza-gela itxita egon ziren.
Egoitzetan eta eguneko zentroetan, urte hauetan lan-baldintzak hobetzeko borroka oso gogorrak izan dituzten sektore feminizatuak izanik, langileen %90ek baino gehiagok grebarekin bat egin du, eta Gipuzkoan jarraipena erabatekoa izan da. Dibertsitate funtzionalaren sektorean, jarraipena %60tik gorakoa izan da.
Komunikabideei dagokienez, EITBk albistegiak baino ez zituen eskaini. Hau da, gutxieneko zerbitzuak. Eta beste hedabide batzuk, Gara, Berria, Hamaika Telebista eta eskualdeko hedabideak kasu, greban zeuden.
Industrian jarraipena ikaragarria izan da. Gipuzkoan etenaldia erabatekoa izan da (CAF Irun eta Beasain, KSB ITur, Grupo Inda, Elmubas, Korta, Mendiaraz, ABC Eibar…) eta kooperatibetan plantillek erabaki zuten itxiera. Bizkaian eta Araban ekoizpenak kolpe gogorra jasan zuen (Winoa, Ingeteam, Alstom, Gestamp, Cie Foian, Arcelor, Pepsi, Tesa…), eta Aiaraldea eskualdean, Tubacexen borroka enblematikoaren lurraldean, jarraipena %70etik gorakoa izan da. Nafarroako ipar-ekialdeko jarraipena erabatekoa izan da (Arcelor Lesaka, Portland, Aceros Moldeados, Gh Guema Manutencion, Mecaisa…). Pasaiako eta Bilboko portuetan ere eragina izan du grebak.

Grebak eragin handia izan du merkataritzan: Elkar, Cortefiel, Eroski, Dia (Bizkaia), Tezenis (Araba), Bilboko Kale Nagusiko ehungintza. Ezinezkoa litzateke espazio itxi bakoitza aipatzea. Errealitatea ukaezina da: greba orokorra arrakastatsua izan da.
Borroka bultzatzen jarraitu
Ehunka mila mobilizatu gara 1500€ko LGS exijitzeko eta gutxieneko pentsioa gutxieneko soldatarekin berdintzeko. Aldarrikapen horiek beharrezkoak bezain bidezkoak dira. Alokairuak onartezinak dira, gazteak ezin dira bere familien etxetik emantzipatu, eta gure adinekoak, batez ere emakume pentsionistak, ez dute nahikoa hilaren amaierara iristeko.
Deialdi hau plazaratu zenetik, Trump eta Netanyahu, munduko neofaxismoaren txapeldunek, gerra inperialista bortitza hasi dute Ekialdean, eta dagoeneko milaka biktima eta ehunka milaka desplazatu eragin ditu. Mundu osoko langileriak pairatuko du herrialde burujabe baten eta bere petrolio baliabideen kontrola lortzeko helburua duen gerra atzerakoi hau. Inflazioa, kaleratzeak, murrizketa sozialak eta errepresio gehiago. Euskal Herriko greba bozgorailu handia izan da eraso hau salatzeko ere.

Martxoaren 17 honetan konfiantzaz bete gara eta kolpe latza eman diegu Confebaski eta EAJri. Aitor Esteban beste behin atera zen zein interesen alde egiten duen argi uzteko. Lotsagabe baten zinismo guztiarekin adierazi zuen: “esan dezagun argi: EAEk eta NFEk ez dute gaitasunik Gutxieneko Soldata igotzeko”. “Greba honek ez die langileei mesede egiten, kalte egiten die eta Herria gelditzen saiatzen da ziurgabetasun globaleko testuinguru batean”. Hau jeltzaleek esaten digute, genozidio sionista zuritzen duten, Imazen lagun diren eta Trumpen aurrean makurtzen diren berberek.
Jardunaldi honek mezu argi bat bidaltzen dio eskuin eta ultraeskuin espainolistari: ez dugu onartuko historian atzera eginaraztea, zuen proiektu totalitarioa inposatzea. Eta, jakina, zuzenean interpelatzen du bere “progresismoaren” autokonplazentzian kokatuta dagoen Gobernu Zentrala, eskuin muturraren gorakada asfaltatzen duten politika kapitalistak aplikatzen jarraitzen duena. Diskurtsoak, txioak eta itxurakeriazko antifaxismoa iruzur hutsa dira mozal legea indargabetzen ez duzun bitartean, etxejabe errentatzaileak abertasten direnean, Ibex 35aren etekinek errekorrak gainditzen dituztenean, indarkeria matxistak etenik ez duenean eta Estatu frankistaren aparatuak araztu gabe jarraitzen duenean.
Grebaren irudiak, langilez, pentsiodunez eta baita gaztez jositako etorbideak, gure oroimenean grabatuta geratu dira. Ezker Iraultzailetik lehenengo egunetik bi eskuekin heldu genion euskal gehiengo sindikalak bultzatutako jardunaldiari. Asanbladetan parte hartu dugu, piketeetan, eta noski, mobilizazio nagusietan gainerako langile klasearekin.
💥 #M17 | Confebask eta patronalak gazte langileok soldata baxuekin eta prekarietatearekin konformatzea nahi dute. Baina dozenaka mila lagun atera gara kalera etorkizun prekariorik ez dugula onartuko ohikatzera.#M17GrebaOrokorra #HemenErabaki #SMIpropio #grebaorokorra pic.twitter.com/19ghAITcs4
— Ezker Iraultzailea (@EzkIraultzailea) March 17, 2026
Egun historiko honen ondoren, indartuz doan borroka plan bat altxatu beharra dago. Eusko Jaurlaritzak eta Gobernu Zentralak gure aldarrikapenak onartzen ez badituzte -eta EAJk jada argi utzi du-, euskal gehiengo sindikalak, ELA eta LAB buru direla, gure klasearen indar eta konfiantzan oinarritu behar du. Eta hurrengo greba orokor bat plazaratu. Hau da gure aldarrikapenak aurrera egiteko modua. Jo ta ke irabazi arte!
Ezker Iraultzailetik argi diogu: LGS erabaki nahi dugu. Dena erabaki nahi dugu, baita gure herriaren autodeterminazioa ere. Ze sistemaren pean bizi ere erabaki nahi dugu. Kapitalismoak aberastasuna esku gutxitan kontzentratzen du, gerra inperialista izugarrietara eta berrarmatze masibora eramaten du, deskonposizio soziala eragiten du eta horren gainean eskuin muturreko demagogiak aurrera egiten du, ingurumena hondatzen du eta matxismoan eta arrazakerian oinarritzen da gu menperatzeko. Horregatik gure eskubideen aldeko borroka sozialismoaren aldeko borrokaren parte da. Zuk ere honen guztiaren aurka antolatu nahi baduzu, egin bat gurekin eta eraiki ezazu Ezker Iraultzailea. Ez dago denbora galtzerik.









