Euskara kaleetako mobilizazioarekin defendatu beharrean gara, iraganean bezala gaur egun ere. Horregatik, Ezker Iraultzaileak eta Ikasle Sindikatuak gazte, langile, ikasle eta pentsiodun guztiei deia zabaltzen diegu maiatzaren 9an ELA, LAB eta STEILAS sindikatuek deitu duten manifestazioan parte hartzeko.
Euskara gure hizkuntza da, gure kulturaren nortasunean elementu garrantzitsua da. Diktadura frankista jo eta su ahalegindu zen gure herriaren bihotzetik eta burutik ezabatzen baina ezin izan zuten lortu.
Belaunaldi askok lan itzela egin zuten euskara mantendu eta jaso zedin, familietan nahiz gizartean. Lan handia izan da, askotan klandestinoa eta beti eskuzabala. Horrek ahalbidetu izan du gure hizkuntza berreskuratzea, elkarlanak hain zuzen.
Zalantzarik gabe, euskara irakaskuntza publikoan sartzea funtsezko urratsa izan zen. Gehien euskalduntzen duen hezkuntza-sarea, euskara gehien irakasten duena, sare publikoa da. Baina arlo horretan oraindik asko dago egiteko, eta mehatxu berriak daude bere etorkizunaren inguruan, EAE baita hezkuntza pribatu eta itunduaren ehuneko handiena duen Europako lurraldeetako bat.
Beharrezkoa da hizkuntza-ereduen "aukeratzeko askatasun" faltsua biluztea, eta benetako hizkuntza-murgiltze batera igarotzeko urratsa ematea, ikastetxeetan ez ezik, hizkuntza herritarren eguneroko bizitzan txertatuko duena. Aukeratzeko benetan libre egiten gaituena bizi garen lurraldeko hizkuntzak ikasteko eta hitz egiteko dugun eskubidea bermatzea da, modu unibertsal eta doakoan, eta administrazio publikoak finantzatuta.
Izan ere, gure hizkuntzaren inguruan dagoen negozioa benetan mardula da. Bai, kapitalismoak dena negozio bihurtzen du. EAJk ikurrina astintzen duen eta euskararen altxorraren inguruan hitz egiten duen bitartean, patronalari eta enpresariei hezkuntza itunduarekin eta euskaltegi pribatuekin poltsikoak betetzea bermatzen die.
Beste oztopo handi bat lan-eremua da. Euskal langile klaseari ez zaio aitortzen ordaindutako lanorduak hartzeko eskubidea, bizi den lurraldeko hizkuntza ikasi ahal izateko. Klaseko ekintza sindikal borrokalariaren erdigunean egon beharko lukeen puntu nagusia da hori.
Euskara defendatzea kaleetako borrokarekin
Nazioartean ematen ari den eskuin muturraren gorakada eta indar errepresiboen indartzea Euskal Herrira ere iristen dira. Euskarari eraso egiten dioten epai eta prozesu judizialen oldea eta administrazio publikoan normalizatu diren atzerapausoak ofentsiba beraren parte dira. Eta hor bat egin dute eskuin espainolistak nahiz CCOO bezalako sindikatuen kupula burokratikoek, hizkuntza eskubideen aurka kokatzeagatik Korrikatik kanporatuak izan baitziren, noski.
Maiatzaren 9an guztiok joan behar dugu ELAk, LABek eta STEILASek deitutako mobilizaziora. Izan ere, euskararen alde egiteak kalera ateratzea eskatzen baitu, eta hezkuntza publiko, unibertsal, duin eta doakoaren alde borrokatzea; eskuin muturraren espainolismo zapaltzailearen aurka borrokatzea eta argi eta garbi salatzea Euskal Herrian gure hizkuntzarekin negozio oparoa egiten dutenak, EAJ bezala.
Larunbatean, hilak 9, denok Bilbora euskararen alde!
Euskararen alde. Gure hizkuntza eskubidea da, ez negozioa









