Amurrioko lantegiko Tubos Reunidos (TR) enpresako langileek hiru aste baino gehiago daramatzate greba mugagabean, enpresa komiteak deituta. Ezker Iraultzailetik gure babes osoa bidaltzen diegu langileei. Zuen borroka langile klase osoaren borroka da.

Enpresak EEE bat aurkeztu zuen urtarrilaren amaieran, 301 langile kaleratzeko asmoarekin: 274 Amurrioko lantegikoak (Araba) eta 27 Trapagarangoak (Bizkaia). Horrez gain, Amurrioko lantegiko altzairutegia ixtea planteatu zuen, baita logistika kanporatzea ere. Oposizio sindikalaren ondorioz, enplegu-erregulazioko espedientea 242 langiletara murriztu da.

Aiaraldea eskualdeko enpleguaren eta etorkizunaren alde borrokan

Amurrio Arabako Aiaraldea Eskualdeko herri bat da, desindustrializazio-prozesu ikaragarri baten ondorioz oso zigortuta dagoena, eta gazteriaren eta, oro har, eskualdearen etorkizuna arriskuan jartzen duena.

Azken urteetan Laudion, eskualdeko hiri nagusian, enpleguaren aldeko mobilizazio handiak egin dira. 2025 bereziki konplikatua izan zen. Urte horretako urtarrilean, Guardian Glassek beira ekoizteko Laudioko lantegia itxiko zuela iragarri zuen, 171 langile kalean utzita. Bere garairik onenetan, Guardian multinazional estatubatuarrak Villosa zaharra erosi zuenean, 1500 langile zituen. Itxiera plana aurrera eramateko eta gertaera burutua eta atzeraezina izan zedin, enpresak Eusko Jaurlaritzaren bermearekin labea itzali zuen modu zitalean.

Hilabete batzuk geroago, irailean, Maderas de Llodio enpresak kaleratze kolektiboa iragarri zuen, 151 langiletik 39ri eragingo ziena, eta ordutik greba mugagabeari eutsiko zion EEE horren aurka. Azken zifra 35 kaleraturena izan bazen ere, enpresak modu zikinean eta abisurik gabe egin zuen. Hori dela eta, Euskal Autonomia Erkidegoko Justizia Auzitegi Nagusiak adierazi zuen EEEa ez zela zuzenbidearen araberakoa, hau da, kaleratze horiek ez zirela bidezkoak. Nahiz eta EAEko Auzitegi Nagusiaren sententziaren aurkako errekurtsua jarri, sindikatuekin batera, enpresak kaleratzeak gauzatu zituen urrian

Itxiera eta enplegu-erregulazioko espediente horiek beste enpresa batzuetakoei gehitu zaizkie, hala nola Amurrioko Valvospain eta Laudioko Glavista, eta ehunka langile-familia utzi dituzte botata. Glavista Guardian-en dibisio bat zen, enpresa nagusitik banandua izan zena, inbertsio fondoei saldua izan zelarik, urte batzuk beranduago itxi egingo zutelarik.

Langileok gure indarrean bakarrik jarri dezakegu konfiantza, langilerian eta gazterian

TRko langileak ezin dira fidatu erakundeetatik iristen zaizkien promesekin. Ramiro Gonzalez Arabako Ahaldun Nagusiak esan digu sindikatuek saihestu egin behar dituztela ziurgabetasuna sortzen duten prozesu judizialak, Tubos Reunidosek Araban jarrai dezan komeni ez direnak. Bestalde, Eusko Jaurlaritzako Industria sailburu Mikel Jauregik TRko langileei beldurra sartzeko kanpainan parte hartu du, “nor da ausartzen den ausarta?” esatean TRren etorkizuna berma dezaketen inbertitzaileei buruz hitz egiten. Eusko Jaurlaritzako bi alderdiek, EAJk eta PSE-PSOEk, ohartarazi dute lan gatazkak uxatu egingo dituela balizko inbertitzaile pribatuak. Beste modu batera esanda, langileok geure burua makurtu behar dugu eta EEEa onartu, besterik gabe. Betiko lelo bera.

Haiekin batera, korua eginez, EL CORREO eta gainerako prentsa burgesa. Beldurra sartzen saiatzen dira, esanez EEEa onartzen ez bada TR hartzekodunen konkurtsoan sartzeko arriskua dagoela, iazko kontabilitate-galerengatik eta enpresak aurkeztutako zor handiagatik, eta, beraz, enpresaren etorkizuna arriskuan dagoela.

Enpresak, modu bidegabean, EEEa justifikatzeko alegatzen du AEBetako muga-zergek salmentak hondoratu dituztela. Hala ere, bere datu ofizialek kontrakoa diote. Herrialde horretako salmentak %22,1 hazi ziren 2025ean, 132,9 milioi eurotik 162,2 milioi eurora. Negozio-zifra, gainera, %13 igo zen 2025ean, 2024arekin alderatuta.

2021ean SEPIk 112,8 milioiko mailegua eman zuen TR erreskatatzeko. Enpresako zuzendaritza zein Eusko Jaurlaritza presioa egiten ari dira zorraren “barkatzea” lortzeko, horren zati handi bat SEPIrekin baitute.

Presio-kanpaina horrek TRko bi instalazioak banatzea lortu du. Trapagarango (Bizkaia) plantak erreferendumean onartu zuen EEEa eta ELAko Sekzio Sindikalak enpresa plana gehiengo osoz babestea eragin zuen. Trapagarango TRko langileen iritzia errespetatuta ere, uste dugu akatsa dela EEEa babestea, gure lan-baldintzetan mota guztietako murrizketak onartzeak, kasu honetan kaleratzeak, ez baitu bermatzen etorkizunean gure lanpostuak. Alderantzziz, are gehiago harrotuko du enpresa.

Eusko Jaurlaritzak bere burua eskaini du TR eta sindikatuen arteko “bitartekaritza” egiteko (El Correo 26/4/9). Ez du langileoi babesa ematen digulako egin, baizik eta gatazka sozial baten beldur delako.

Duela 5 urte TUBACEXek borroka eredugarria izan zuen eta enpresak inposatu nahi zuen EEEa bertan behera utzi zuen. Gatazka hau Euskal Herri osora zabaldu zen eta Estatu osoan zehar babes handia jaso zuen, langile borrokaren erreferente bilakatuz. EAEko Auzitegi Nagusiak baliogabetu egin zuen. Zazpi hilabete eman zituzten greba mugagabean, eta denbora tarte horretan mobilizazioak antolatu zituzten Bilbon, PETRONOR eta beste enpresa batzuekin batera, eta manifestazio jendetsuak deitu zituzten Laudion. Kasu honetan ere, TUBACEXeko langileen aurkako beldurrezko kanpaina bat egon zen, baita Ertzaintzaren errepresio basatia ere eta, hala eta guztiz ere, EEEa bertan behera uztea lortu zen.

Tubos Reunidoseko langileen mobilizazioa
Aukera dago gatazka hauek bateratzeko, eta borroka plan bateratu bat prestatzeko, eskualdean greba orokor batetik hasiko litzatekeena.

Borrokatuz bakarrik defenda ditzakegu lanpostuak. Otsailean, manifestazio jendetsua izan zen Amurrion, Laudioko TR eta Maderas Enpresa Batzordeek deituta eta SOS Aiaraldea plataformak lagunduta. SOS Aiaraldearekin batera eskualdea lanpostuen defentsan altxatzea beharrezkoa da, bat egitea Maderas de Llodio bezala antzeko egoeran dauden beste kide batzuekin. Milaka gara eskualdeko gatazketan mobilizatzera atera garenak. Aukera dago gatazka hauek bateratzeko, eta borroka plan bateratu bat prestatzeko, eskualdean greba orokor batetik hasiko litzatekeena, enplegu duin baten alde eta langile klasearentzat eta gazteriarentzat etorkizunaren alde indartsu egiteko. Gutako ehunka euskal gehiengo sindikalera afiliatuta gaude, gatazka eta enpresa komite hauetan lehen lerroko posizioak dituena, eta bide hori eman diezaguke borrokak aurrera egin dezan. Hauxe da unea!

M8ko manifestazioak eta M17ko greba orokor masiboa, zalantzarik uzten ez duten duela gutxiko adibideak dira: ehunka mila sistema bidegabe honen aurka moblizatu gara Euskal Herrian, gure bizi eta lan eta bizitza baldintzak hobetzeko aldarrikapenen alde, 1500€ko LGS baten aldeko borroka kasu. M17ak gure indarraz are kontzienteago egin gintuen. Eta badakigu hau dela aurrera egiteko, eskubideak lortzeko eta lanpostuak defendatzeko bidea. Jo ta ke irabazi arte!

antolatuZaitez

Somosaguasko 7ekin elkartasuna

Somosaguasko 7ekin elkartasuna