Joan den larunbatean, urtarrilak 31, 15 mila gazte, langile eta ekintzaile baino gehiagok Bilbo eta Iruñeko kaleak hartu genituen GKSk deitutako manifestazio antifaxistarekin bat eginez. Mugimendu Sozialistaren hilabetetako lan militantearen emaitza izan zen. Kaleak bandera gorriz, lelo antifaxistaz eta iraultza sozialistaren aldeko oihuz bete ziren, gerra inperialistaren aurka eta baita presoen amnistiaren alde ere. Ezker Iraultzailetik jardunaldi hau aktiboki babestu dugu, deialdia zabalduz eta manifestazio garrantzitsu honetan parte hartuz.
Euskal Herria ez da faxismorik edo eskuin muturrik gabeko oasi bat. Genozidio sionistaren aurka mobilizatu diren Palestinaren aldeko ekintzaileen aurkako muntaia judizial eta polizialak, etxe kaleratzeak aurrez aurre geldiarazteko mobilizatzen direnak, Mugimendu Sozialistako eta ezker abertzaleko militanteen aurkakoak, sindikalgintza borrokalariaren aurkakoak edota Gasteizen Ertzaintzak eta Falangeak fronte bakarrean gazte antifaxisten aurka erabili zuen bortizkeria, errealitate ukaezina dira.
Eta hori guztia EAEn eta Nafarroan EAJren eta PSOEren lankidetzan oinarritzen diren gobernuekin gertatzen da, izan ere, erreakzioaren aurrerapenari oztopo izan beharrean, beren politiken ondorioz gorakada hori errazten ari baitira. Murrizketa sozialek, pribatizazioek, errentari handien aldeko babes lotsagabeak, sionismoaren zuriketak eta Netanyahu-ren erregimenarekin egindako negozioek, Donostian afari solidarioak debekatuz diskurtso arrazistari emandako babesa edota Ertzaintzaren barruan ultraeskuineko sindikatueei nahi dutena egiten uzteak erakusten dute alderdi horiek urrun baino urrunago daudela faxismoaren aurkako borrokan aliatu izatetik.
Urtarrilaren 31ko manifestazioek oso argi utzi zuten faxismoa geldiarazteko ezinbestekoa dela klase-politika bat altxatzea, sozialista, eta erreakzioaren gorakadaren, militarismoaren eta inperialismoaren benetako jatorria seinalatzea: krisian dagoen kapitalismoa. Confebaskeko ordezkariekin eta Trumpen morroi otzanekin aliantzak bilatzearen, herri-akordio handien edo hautagaitza bateratuen aldeko apustuak kale itsuak dira, eta langile klasea benetako mehatxu honen aurrean desarmatuta uzten dute.
Gure indarrengan eta klase independentziako estrategia batean baino ezin dugu fidatu. Eta hori da milioika lagunek egin duguna, Palestinako herriaren aldeko nazioarteko elkartasun-mugimendu bat altxatuz. Mugimendu honek manifestazio jendetsuak eta greba orokorrak antolatu ditu, sionismoak egindako eta gobernu kapitalista guztiek zein nazioarteko erakundeek txalotu duten sarraskia seinalatzeko. Eta orain hori bera ikusten ari gara Estatu Batuetan ere, Trumpen eta ICEren banda faxisten aurkako borrokan. Borrokak pauso handia eman du Minnesotan urtarrilaren 23an eta 30ean antolatutako bi greba orokorren ondoren, sarekada arrazisten, etorkinen atxiloketen eta Renée Good eta Alex Pretti-ren erailketen aurka, eta mobilizazio horiek berehala zabaldu dira estatu askotan barrena.
Faxismoaren aurka: klase borroka, fronte bateratua eta antolakuntza komunistak
Ez dago erdibideko irtenbiderik: kapitalismoa ezin daiteke erreformatu, ezta EAJ ere, euskal kapital handiaren ordezkari politikoa baita. Ez kapitalismoaren erakundeek, ez parlamentuek, ezta euren justiziak ere ezin dute eskuin muturraren gorakada gelditu, ezta Estatuen joera autoritarioak ere. Horregatik, langile klasearen eta martxan dagoen gazteriaren borroka-gaitasunean bakarrik fidatu gaitezke, bai faxismoa suntsitzeko bai gizartea eraldatzeko. Urtarrilaren 31ko mobilizazioak aurrerapausoa izan dira, gainera, kontzientzia garatu eta sozialismoaren programa indarrez zabaltzen dutelako. Ideia hauek euskal gazteen artean eman duten aurrerapausoa albiste handia da eta gure herriaren eta gure klasearen borroka tradizio onenen lekukoa jasotzen du.
Ezker Iraultzailetik dei egiten dugu fronte bateratu baten alde lan egiteko, faxismoaren aurka borrokatzeko prest gauden erakunde guztien, komunisten, ezkerrekoen, sindikatuen eta mugimendu sozialen artean eta euskal burgesiarekin eta bere ordezkari politikoekin itunak egitea konponbidea ez, baizik eta arazoaren parte dela argi dugunon artean. Kontua ez da banderak nahastea, ezta erakunde bakoitzak duen programari uko egin eta ikuspegi politikoa desegitea. Helburu berberek eraginda ekintza-batasunean kolpatzea da kontua. Eta hori erabakigarria da erresistentzia antifaxista zabaldu eta indartzeko.









