“Green Capital etiketarekin gure prekarietate egoera ezkutatu nahi da”
Joan den martxoaren 26an, Enviser enpresako langileek (Gasteizko parkeak eta berdeguneak mantentzeko zerbitzuaren eta eraztun berdearen azpikontratak) greba mugagabea hasi zuten, hitzarmen propio bat negoziatzea eta haien lan eta soldata baldintzak nabarmen hobetzea eskatzeko. Asteazken honetan, ekainak 4, Euskal Herria Sozialistako lankideok, ELA, LAB eta ESK-k antolatutako manifestazio batean parte hartu genuen, non Enviserreko eta egoitzetako langileek bat egin zuten. Ondoren, Iñigo Lopez de Arroiabe ESK-ko Enviserreko enpresa batzordeko kidearekin hitz egin ahal izan genuen.
Euskal Herria Sozialista: Joan den astean, Enviserreko langileek bi hilabete bete zenituzten greba mugagabean. Zer aldarrikatzen duzue zehazki?
Iñigo: Eskatzen dugun gauza nagusia Estatuko hitzarmenetik aterako gaituen hitzarmen propioa, preso gauzkana. Hitzarmen zaharkitua da, eta bere soldatek ez dute Gasteizko errealitatea islatzen, non bizi maila dezente garestiagoa den. Bestalde, Udaleko langileekiko aldea ikaragarria da: 108 ordu gehiago lan egiten dugu urtean eta batez beste
11.000 euro gutxiago kobratzen dugu urtean.
Hiriko lorategi eta parkeen zerbitzuaren hitzarmen espezifiko bat nahi dugu, hemengo bizi mailara egokitzen diren oinarrizko aldarrikapenak jasoko dituena: soldata igoera, lanaldiaren murrizketa, kontziliazio eta ezintasunagatiko bajen baldintzak hobetzea.

EHS: Azken urteotan, Gasteizko Udalak milioi asko bideratu ditu hiriaren irudia “Green Capital” gisa ezagutzera emateko. Nola bizi da irudi hori zerbitzuaren barruan eta nola erantzun die udal “berde” honek zuen proposamenei?
Iñigo: “Green Capital” etiketa horren atzean gauza asko ezkutatzen dira. Errealitatea da oso baldintza gogorretan lan egiten dugula, lanaldi luzeak eta miseriazko soldatak jasaten ditugu. Diozuen bezala, transmititzen saiatzen dena "Green Capital" etiketa da, baina barruan dagoena lan prekarietatea da.
Erantzuna beti berdina da, gure aldarrikapen guztiei entzungor egitea. Kontuan izan behar da gobernu taldea EAJk eta PSEk osatzen dutela. Biek dute DNAn pribatizazioa, nahiz eta esan lankidetza publiko-pribatuan sinesten dutela. Guretzat, "lankidetza" horrek zerbitzu publikoak pribatizatzeko eta suntsitzeko baino ez du balio, eta horrek, gainera, bertako langileak esklabo bihurtzen gaitu. Kontratuak prezio baxuetan lizitatzen dira, eta horrek enpresei bakarrik egiten die mesede, langileak prekarizatzearen kontura. Enpresa pribatuak elkarren artean lehiatzen dira administrazioei baldintza onuragarriagoak nork eskaintzen dizkien ikusteko, hau da, nor dagoen prest bere plantillak areago prekarizatzeko. Gure kalkuluen arabera, azken 10 urteetan, Enviserren plantillak % 30 eta % 40 arteko erosahalmen-galera izan dugu.
EHS: Nolakoa izan da grebaren garapena eta nolako mobilizazioak egin dituzue?
Iñigo: Bi urte baino gehiago daramatzagu plantilla antolatzen eta mobilizatzen, gure lan baldintzen eta soldaten defentsan. Jakina, greba mugagabera joan aurretik enpresarekin negoziatzen saiatu ginen, baina ez zen posible izan. Ordutik — duela bi hilabete baino gehiago — greban gaude, eta herritarren aldetik babes handia sentitu dugu. Beti daude salbuespenak, baina orokorrean gizartearen berotasuna eta babesa jasotzen dugu. Gure aldarrikapenak oinarrizkoak dira: alokairu bat ordaindu ahal izatea, familia bat mantentzea eta hezkuntza duin bat eskuratzea.
Azpimarratu behar da, halaber, grebaren jarraipena erabatekoa izaten ari dela langileen artean, eta oso handia ere bai komunikabideetan. Plantilla oso aktibo dago, ez gara egun bakar batean ere gelditzen. Egunero antolatzen ditugu mobilizazioak, ekitaldiak, eta biltzen gara kolektibo sozialekin eta beste enpresetako plantillekin, beren indar eta babes guztia transmititzen digutenak. Indartsu sentitzen gara eta borrokan jarraitzeko gogo handiarekin. Baikorrak gara, gure indarretan konfiantza dugu eta ahalegin horrek emaitza positiboa izango duen itxaropena dugu.